Uhandre palmatu

Uhandre palmatu
Irudi gehiago
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaCaudata
FamiliaSalamandridae
GeneroaLissotriton
Espeziea Lissotriton helveticus
(Razoumowsky, 1789)
Banaketa mapa

Uhandre palmatua (Lissotriton helveticus) salamandridae familiako uhandrea da, mendebaldeko Europan bizi dena[1].

Palmatua, Euskal Herriko uhandrerik txikiena da. Euskal Herrian nahiko arrunta dugun arren, bere izen espezifikoa, 'helveticus' Suitzako Elba ibaitik dator. Uhandre palmatuen bitxikerietako bat: ez dituzte hanka palmatuak, behintzat emeek, arrek araldian zehar atzeko hanketako hatzen artean mintzak garatzen baitituzte.

Taxonomia

Antzinako ikuspuntuaren arabera 3 subespezie aipa zitezkeen:

  • Lissotriton helveticus helveticus, iparraldeko Alemaniatik Kataluniaraino.
  • Lissotriton helveticus punctillatus, Demandako mendilerroan.
  • Lissotriton helveticus alonsoi, ipar-mendebaldeko Iberiar penintsulan.

Baina esan beharra dago iberiar penintsulako uhandreen ezberdintasunak oso anbigoak eta zalantzagarriak direnez, gaur egun ez dira subespezie gisa hartzen. [2]

Deskribapena

Larbak

Larbak 7-12 mm-ko luzera izaten du arrautzatik ateratzean[3] eta 30 mm-raino metamorfosiaren aurretik. Larba prozesua luzatzen badute eta negua larba moduan ur azpian pasatzen badute 57 mm-ko luzera har dezakete metamorfosiaren aurretik[4][5]. Oso isats luzea dute, mutur zorrotzean bukatzen dena eta kanpo-brankiak dituzte. Kolorez marroiak izaten dira, kolore ilunagoko orban txiki irregularrekin (sabelaldean eta hanken azpialdean ez), eta albo gorrixkak izan ohi dituzte. Kanpo-brankiak ere gorrixkak izaten dira, edo ia gardenak, hauek ere orbanekin. Gandor dortsal nabaria dute, brankien altueratik isatseraino zabaltzen dena. Begia, alboetara dituzte eta urre kolorekoak izaten dira, askotan hauetan ere orban ilunagoak azaltzen direlarik.

Helduak

Uhandre palmatu heldua tamaina txikiko anfibio liraina dugu. Euskal Herriko uhandrerik txikiena da[6], baita iberiar penintsulako eta Europako txikienetakoa ere. Arrek 55-70 mm-ko luzera izaten dute eta emeek zertxobait gehiago, 60-85 mm inguru, kasu oso arraroetan 90-95 mm. Anfibio hauen gorputza orbain beltzez apainduriko larru arre leunez jantzita dago. Azpialdea zurixka izaten da eta erdialdean eta luzetara, laranja koloreko arrastoa dute, apaingarri gisa.

Buruaren bi aldeetan berriz, begietatik pasatzen den arrasto iluna bereiz dakieke. Sexuen arteko dimorfismoa nabaria da. Oro har, emea arra baino handixeagoa eta biribiltsuagoa da, eta kolore argiagoa du[7]. Baina zalantzarik gabe, arra eta emea bereizteko garairik aproposena araldia da, arrek eztei-janzkera nahastezina hartzen baitute tenore horretan: bizkarrean eta batez ere isatsean gandor dotorea garatzen dute eta isatsaren punta 5-6 mm-ko filamentu beltz batean bukatzen da. Bestalde, barrabilak erabat puztu egiten zaizkie eta atzeko hanketako atzamarren artean mintz beltzak garatzen dituzte, oin palmatuak sortuz. Izan ere, hortik datorkie 'palmatu' delako izena.

Arrautzak

Arrautzak hori-zurixka kolorekoak dira bitelo inguruan eta ilunagoak nukleoan. Arrautzaren diametroa 1,5-3 mm ingurukoa da.

Banaketa

Banaketari dagokionez, mendebaldeko Europako espeziea dela esan dezakegu, eta kantauriar eskualdetik Frantzia, Britainia Handia eta Suitzaraino (Elba ibairaino) hedatzen da; horixe da hain zuzen ere latinezko helveticus izenaren jatorria. Txekiako mendebaldeko muturrean ere populazio ezberdinak topa daitezke. Iberiar penintsulan, berriz, iparraldean soilik aurki genezake, Galiziatik Kataluniaraino doan lerroan. Euskal Herrian espeziea aurkitzeko lekurik aproposenak alde atlantiarreko hezeguneak dira. Dena dela, mediterraneo isurialdean ere ugaria da Lizarrerriko Erriberako hegoaldea eta Bardea bitartean. Lurralde lehor horietatik hegoaldera, tarteka topa daitekeen arren, oso eskasa da.

Beraz, laburbilduz, Europako mendebalde epel eta hezean bizi den uhandrea dugu palmatua, Portugalgo iparraldetik Eskoziaraino hedatzen dena eta Suitza, Alemania zein Txekiako barnealderaino sartzen dena[8]. Galesek, Ingalaterrak eta Eskoziak osatzen duten uhartean badago uhandre palmatua[9], baina ez ordea Irlandan[10][11]. Europako eskualde hauetan topa dezakegu uhandre palmatua: Iberiar penintsulako iparralde osoan (bai Portugalen eta baita Espainian ere), Euskal Herrian, Frantzian, Eskoziak, Galesek eta Ingalaterrak osatzen duten uhartean, Belgikan, Herbeheretan, Luxenburgon, Suitzan, Alemanian eta Txekiako mendebaldeko muturrean[12].

Euskal Herrian

Euskal Herrian ikusi ahal diren 18 anfibio espezieetatik bat uhandre palmatua dugu[13]. Euskal Herrian oso ugaria da eta populazio egonkorrak ditu, Euskal Herriko uhandre guztien artean, palmatua ugariena eta ohikoena da.

Euskal Herri hezean populazio altuak ditu, hala nola, Lapurdin[14], Nafarroa Beherean[14], Zuberoan[15][14], Bizkaian, Araba erdialde eta iparraldean eta Nafarroa Garaiko erdialde, iparralde eta ekialde menditsuan oso ongi ordezkatuta dago. Pirinioetako mendikate osoan presente dago, baita ere aurrepirinioetan. Itsas mailan zein mendi garaietan ikus daitezke, Pirinioetan 2.400 metroko garaieraraino iritsi daitezkelarik. Beraz, Euskal Herriko edozein garaieran aurki daitekeen uhandrea dugu.

Nafarroa Garaiko eremu berde eta hezean dentsitate handiko populazioak ditu, zenbat eta hegoalderaino orduan eta dentsitate txikiagoak[16]. Erriberako eskualdean populazio batzuk ere baditu zenbait zonaldetan. Errege Bardeako urmaeletan presente zegoen kopuru txikian hamarkada batzuk atzera, baina urteak daramatza aipu berririk gabe, eskualde horretan gaur egun erabat desagertuta dagoela suposatuz. Bardeako azkeneko erregistroetan (2012. urtekoa) ez da uhandre palmaturik aurkitu[17][18].

Habitata

Putzu, urmael, laku, aska, zingira edota erreka inguruak dira zapaburuen ohiko bizilekuak. Ur-korronteetan ager daitezkeen arren, putzu geldoak askoz gehiago atsegin dituzte.

Landaretzaz betetako ur masak nahiago baditu ere landaretzarik gabeko putzuetan ugaldu daiteke arazo barik, ur masaren sakonera ere mota askotakoa izan daiteke, sakonera nabariko lakuetan ager daitezke baina baita ere aska txikietan eta behin-behineko putzuetan edota eurien ondorioz urez betetako bide-bazterretan ere. Uhandre nahiko jeneralista da eta ez du exijentzia handirik ur-masa aukeratzean. Uhandre palmatuak ur hotz eta garbiak koloniza ditzake baina baita ere ur zikin eta beroak, baita abereen simaurrez betetako ur zikinak eta lokatzez betetako urak. Uhandre plamatua espezie eurioikoa da eta Eukal Herriko salamadrido guztien artean baldintza abiotiko ezberdinak hobeto jasaten dituena da, goi-mendietako ur oligotrofikoetan zein kutsatutako eta eutrofizatutako urmael, urtegi, putzu eta errekasto zein erreka geldoetan aurki daitekeena[19].

Askotan aldi bateko putzu txikiak partekatzen ditu baso-igel gorriarekin.

Uraskak habitat egokiak dira uhandre palmatuentzat eta oro har anfibio guztientzat. Iratiko basoaren inguruetako abereentzako larreetan presentzia handia du eta bertako askak maiz erabiltzen ditu[20]. Asturiasen dagoen Trubiako haranan egindako ikerketa batek adierazi zuen haran horretako asken %20 baino gehiago uhandre honek ugaltzeko erabiltzen zituela[21], eraikitako egitura hauen garrantzia adieraziz.

Zenbait hiritako urmaeletan ere ugaltzen da eta birnaturalizatze prozesuan dauden hirietara itzultzen ari da anfibio hau. Euskal Herriko hiri inguruetan ere presente dago eta Euskal herriko hiri populatuena ez da salbuespena, Bilboko hiri inguruko[22][23][24] auzoetan presente dago eta Bolintxu, Arraitz eta Pagasarri pean dauden auzoetan populazio nabariak ditu. Gasteizko eraztun berde-urdinean ere presentzia nabaria du[25] eta baita ere Iruñea, Donostia[26][27] eta bestelako hirien inguruetan, beti ere urmaelak eta eremu birnaturalizatuak baldin badaude. Azken urteetan hiri inguruen naturalizatze prozesuak eta eraztun berde-urdinen zein hiri-inguruko parkeen proiektuek horretan lagundu dute. Donostian bertan eta inguruko beste udalerri batzuetan azken urteetan anfibioen kontserbaziorako egin diren putzu ezberdinen sareak anfibio ezberdinak erakarri ditu gune horietara, tartean uhandre palmatua eta hau baino exijenteagoak diren beste anfibio eta odonatu batzuk ere[28][29].

Urtean zehar euri dezente pilatzen den gune hezeak gustoko ditu, urtean 700 mm baino gehiago pilatzen diren guneak eta garaiera aldetik itsas mailatik 2.400 metro artean ibili daiteke. Latitudean gora eginez gero garaieran behera egingo du eta alderantziz.

Ugaritasuna

Baldintza aproposak betetzen diren lekuetan, hezetasun handia, argi-ilunak eta putzu nahikoak, populazio dentsitate oso altuak izatera hel daiteke. Iberiar penintsulako iparraldeko leku batzuetan putzu bakar batean 180 uhandre palmatu zenbatzera heldu da[30], baina dentsitateak baldintzetara zuzen lotuta daude; baldintza klimatikoak, ugaltzeko leku aproposak izatea, babes neurri onak izatea etab, beraz, ikerketa edo zenbaketaren emaitza egiten den zonaldearen baldintzen araberakoa izango da beti.

Euskal Herriaren kasuan, ugalketarako beharrezkoak dituzten ur-masa nahikoak dituzten lekuetan, dentsitate altuak ditu. Putzuetan arreta ipiniz gero, nahiko erraza da uhandre hau behatzea, baina kontuan hartu behar da putzuaren uhandre kopuru handiena hondoan ezkutatuta eta hondoko orbel urperatuaren artean ibiliko dela.

Elikadura

Uretako fasean, erraztasun handiz sartzen dira igelek eta apoek jarri dituzten arrautza-multzoen artean eta larbak harrapatzen dituzte haiek jaio ahala. Horrez gain, uhandre palmatuaren larbak intsektuez, krustazeoez eta moluskuez elikatzen diren harrapari trebeak dira.

Uhandre palmatuen larbek elikatzeari uzten diote 4,5-ko pH-ra heltzen direnean[31], ikerketa honen arabera uhandre honen kimiorrezeptoreen funtzioa nahasi edo asaldatu egiten da baldintza azidoetan.

Euria egiten duenean, gauez, uhandre helduak lurrera ateratzen dira bizilekutzat dituzten urmaelen inguruan dauden zizare txikiak eta intsektuak zein araknidoak jateko. Intsektuen, araknidoen, krustazeoen eta moluskuen larbak eta ninfak ere jaten dituzte[32].

2-3 graduko tenperaturarekin uhandre palmatuaren digestio-jarduera moteldu egiten da, jandakoaren digestio prozesua luzatuz[33].

Ugalketa eta ontogenia

Udaberriaren hasieran, udara bitartean luza daitekeen araldia hasten da. Urtarriletik edo otsailetik aurrera uretara jotzen hasten dira eta berehala ekiten diete gorteiatze harrigarriei. Ematen den lehen urratsa elkar ezagutzea da eta orduantxe arra, inguruan dituen espeziekideak arretaz aztertzen hasten da. Beste ar batekin topo egiten duenean berehala banatzen dira, baina emea baldin bada, dantza bitxi bati ekiten dio. Hasteko, emearekiko trabeska jarriz, bidea moztu egiten dio. Ondoren, isatsa emea dagoen aldera okertu eta astintzen hasten da, punta dantzan jarriz.

Mugimendu honen ondorioz, ur-korrontea eragiten du eta mezu biokimikoa duten substantzia usaintsuak bidaltzen dizkio bikoteari, ernalketarako seinalea iradokiz. Ernalketa gerta dadin ordea, arraren espermatoforoak (espermoi-masa duen egitura txikiak) emearen kloakara iritsi behar du eta horretarako ondoko jokaera bitxi hau erabiltzen dute: emea kilikatu ondoren, arra oinez abiatzen da eta bikotea ugalketarako prest baldin badago, atzetik segika joango zaio. Arrak orduan espermatoforoa ur hondora askatzen du eta bikoteak kloakaz jaso eta barneratu egiten du, barruan daramatzan arrautzak ernaltzen dituelarik. Ez da beraz kopularik ematen, baina barne ernalketa gertatzen da.

Ernaldu eta egun batzuetara, martxoa edo apirila aldera, emeak kontu handiz eta banan banan 200-300 arrautza erruten ditu. Baina etsaiek aurki ez ditzaten, arrautzek duten estalki itsaskorraz baliatzen da, landare-urtarrei loturik ongi gordeta uzteko. Eguraldiak laguntzen duenean aste-pare bat edo bestela, zertxobait gehiago behar izaten da eklosioa gertatzeko. Garapen-maila egokia lortzen dutenean, metamorfosi-prozesua pairatzen dute eta bizimodu lehortarrerako beharko dituzten egiturak garatzen dituzte. Hiru hilabeteren ondoren, helduen itxurako 30 mm-ko uhandretxo bihurtzen dira. Hala ere, hilkortasun handiaren ondorioz, gutxi iristen dira metamorfosia burutzera.

Bizimodua

Nahiz eta anfibio hauek urarekiko lotura handia izan, ugaltze-sasoitik kanpo lehortarrago bihurtzen dira. Dena den, lehorrean daudenean eguna harri edo enborpean gordeta pasa behar dute ez deshidratatzeko eta soilik ilunabarrean utz dezakete ezkutalekua ehizara irteteko. Orduan, haien azal leuna latzagoa bihurtzen da, belusaren antzerakoa, eta gorputzean zehar pikortxoak ateratzen zaizkio. Udazkenaren bukaeran eskualde hotzenetan orbela eta harri artean gordetzen dira hibernatzeko, baina orokorrean, ia urte osoko jarduera dute.

Aktibitatea

Espezie honen aktibitatea ezberdina izan daiteke populazio ezberdinen artean, beti ere klimatologiaren araberakoa. Garaiera handiko populazioen aktibitatea, normalean, apirilean edo maiatzean hasten da. Behe-lurretako populazioek akbitibitatea neguan bertan hasten dute, abenduaren eta otsailaren artean. Normalean ekaina eta abuztua artean ura uzten dute eta bizimodu lehortarrago bat eramaten dute. Klima leunagoa duten eskualdetan (Euskal Herriko behe-lurretan eta mendi ez oso garaietan adibidez) uretan egoteko epea luzatu egiten dute eta zenbait kasutan ere urte osoan zehar egoten dira uretan[34].

Fase urtarrean egunez ere aktibitate nabaria erakusten dute, normalean putzuaren hondoan eta landare urpekari zein urperatutako orbelaren artean ezkutaturik, han-hemenka gainazalera joaten dira ziztu bizian berriro hondoratzeko. Gauean hondotik atera eta gainazalean zein urmaelen ertzetan denbora nabarmena pasatzen dute, harraparien presentzia murriztuagoa den unean. Fase lehortarrean aldiz, egunez lurperatuta egoten dira eta gau heze zein euritsuetan elikatzeko ateratzen dira.

Fase lehortarra duten populazioetan, udazkenean uretara itzultzen dira putzuen hondoan hibernatzeko. Lurrean hibernatzen dutenek lurperatuta edo goroldioen azpian egiten dute. Mendi garaietako aintzira eta urmaeletan bizi direnek, batez ere, ur azpian egiten dute hibernazioa, askotan izotzaren azpian harrapatuta. Kataluniako behe-lurretako populazioek, hibernazio laburra izateaz gain, udan ere etenaldiak izaten dituzte tenperatura altuengatik eta baldintza lehorrengatik. Gaztaroan ohitura lurtarrak izan ohi dituzte eta helduaroan uretara itzultzen dira.

Mugimenduak

Uhandre palmatu helduek ugalketarako erabiltzen dituzten putzuen inguruan hibernatzen dute, 150 metroko ekintza-eremu batean gutxi gorabehera.

Uhandre gazteak helduak baino lehortarragoak dira eta sakabanatze gaitsaun handia dute. Bere sakabanatze-mugimenduetan distantzia handiak egiteko gai dira, km gutxi batzuk egiteko gai dira[34][35], ez da marka makala anfibio txiki batetzat.

Arrak dira ugalketarako putzuetara iristen lehenak, orientatzeko lurraren eremu magnetikoaren bidez jasotako informazioaz baliatzen dira[36]. Esperimentazio-entsegu ezberdinetan, uhandre palmatuak eremu-magnetikoaren orientazio hutsarekin bere ugalketarako putzuetara itzultzeko gai izan dira, putzu batzuk 19 km-ko distantzian egonda ere[36]. Putzuak ur-igel arruntekin partekatzen dituzten uhandre palmatuen populazioak igel hauen kantuen erreferentziaz ere orientatzeko gai direla behatu da[35], baina era berean, igel espezie honekin kontakturik ez duten uhandreak igelen kantuez baliatzen ez direla ere behatu da. Orientatzeko modu hau populazio batzuetan bakarrik ematen denez suposa daiteke espezie ezberdinen arteko orientazio ekintza hau erabat ikasia dela, eta ez espezieak jaiotzez duen bertute bat[35].

Lurralde berriak kolonizatzeko gaitasun handia erakusten dute, sortut berriko putzi eta urmaeletara iristen lehenetarikoak izanik.

Portaera

Fase urtarrean aktibitate handia izan dezakete egunez zein gauez. Egunean zehar putzuaren hondoan eta landarediaren artean gotortuta egon ohi dira, gauean uraren gainazalean denbora luzean egoten dira eta beraz ikusteko errazagoak dira. Fase lehortarrean, uretatik atera eta lehengo egunetan putzutik hurbil egoten dira, sakabanatu aurretik enbor erorietan, arroken azpian edo bestelako gotorlekuetan gordeta mantentzen dira egun batzuetan. Metamorfosia egin berri duten gazteak, udazkenean sakabanatu aurretik, talde nahiko handietan putzuaren inguruan mantentzen dira denbora batez ertzetako landareen artean edo arroka zein enbor erorien azpian, nolabait bizi edo fase berrira ohitzen joateko.

Uhandre palmatu emeak arren zein emeen usainarengatik modu berdintsu batean erakarriak sentitzen direla behatu da. Honek emeek ar zein emeen artean bereizketarik egiten ez dutela frogatzen du, ala egotekotan erantzun ezberdinik erakusten ez dutela behintzat. Espezie honetan, antza denez, estimulu kimikoek ar zein eme espeziekideak erakartzen dituela ematen du, ar eta emeak ugalketarako putzuetara kopuru handietan erakarriz.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Harrapariak

Uhandre palmatu helduen ohiko harrapariak honako hauek dira: Suge biperakara[37], suge gorbatadun[38] espezie ezberdinak (iberiarra zein helvetiarra), amuarrain arrunta eta palmatua baino handiagoak diren uhandre espezie ezberdinak, uhandre marmolairea esaterako. Uhandre marmolairea, uhandre plamatuen larbak ehizatzeaz gain, uhandre palmatu helduak harrapatzen eta jaten ere behatu da[39].

Larben harrapari nagusiak artropodo urpekariak eta bere espezieko helduak dira[40], artopodo urpekarien artean, nagusiak hauek: kakalardo urpekariak (ditiskoak, larbek zein helduek), odonatu larbak eta netonektidoak.

Harraparien kontrako estrategiak

Larben zein helduen lehenengo defentsa erantzuna ihes egitea da. Amuarrainaren presentzia dagoen hezegunetan uhandra palmatuak ezkutalekuak areagotzen dituela antzeman da[41]. Batzuetan, ez beti, uhandre hauek hartzen direnean hots labur eta zorrotz bat egiten dute.

"Unken reflex" izenarekin ezagutzen den jarrera defentsiboa ere hartzen dute arriskuan daudenean, jarrera honetan gorputza, burua eta buztana altxatu eta arku baten moduan okertzen dute hankak luzatu eta etsaiari sabelaldea erakusten dioten bitartean. Uhandre palmatuetan, bestelako anfibioetan bezala, sabelaldeko kolore bizi horiek kolore aposematikoak dira eta anfibioek azalean dituzten guruin toxikoei esker harrapariek kolore horiek toxikotasunarekin, zapore txarrarekin eta narritadurarekin lotzen dute. Jarrera defentsibo hau hegaztien eta ugaztunen kontra erakutsi ohi dute, sugeen kontra ez da hain ohikoa[42][43].

Parasitoak eta patogenoak

Amphybiocystidium ranae dermozistidioak azalean kalteak eragiten dizkio, kalte hauek azalean nodulu zein besikula-formako lesioak izan daitezke ala larriagoak diren azaleko ultzera zabal eta sakonak, odoljario ugariak sortzen dizkiotenak[44]. Gainera, ur-gezako muskuiluak behatu izan dira uhandre palmatuaren hanketara lotuta, hain zuzen ere, Sphaerium nucleus eta Pisidium subtruncatum. Azkenik, uhandre honi ere Chytridiomycosiak eragiten dio.

Kontserbazioa

Ugaria da banaketa-arearen zatirik handienean, batez ere eremu hezeetan. Itxura guztien arabera, gainera, uhandre palmatu populazioak egonkorrak dira. Maila globalean "kezka txikia" bezala sailkatuta dago IUCN-ren arabera[45]. Espezie Mehatxatuen Espainiako katalogoan 'Interes berezikoa' bezala sailkatuta dago.

Mehatxuak

Habitataren suntsipena da mehatxurik handiena. Habitatak txikitzeak eta isolatzeak populazioen islomanedu bat dakarte, luzera begira populazio horien aberastasun genetikoa eta biziraupena arriskuan jartzen duena. Beraz, zalantzarik gabe, habitataren suntsipenak mehatxu larria suposatzen dio uhandre palmatuari. Ebroko haranako populazioak bereziki mehatxatuak daude bertako habitaten zatiketa eta isolamenduagatik. Burgoseko eremu askotan uhandre palmatuaren populazioak erabat desagertu egin dira edo asko murriztu dira kopuruan, hala nola Páramo de Masan, Bureban edo Aranda de Dueron.

Euskal Herrian uhandre honen banaketa eremuaren zati handi bat baso natural eta bertokoez beteta egon beharrean eukalipto eta kanpoko pinu monolandaketez beteta dago. Pinuek eta batez ere eukaliptoek lurrean eta biodibertsitatearen murrizketan duten eragina soberan ikertuta dago. Ikerketa bat eukaliptoen eta pinuen monolandaketek anfibioetan eta bereziki uhandre palmatuan zer nolako eragina izan zezakenaren inguruan oinarritu zen, bertan lurraren pobretzea eta lehortzea ondorioztatzeaz gain (berez anfibioentzako txarrak diren ondorioak) monolandaketa hauek uhandre palmatuaren osasunean eta emeek egin beharreko arren aukeraketan zer nolako ondorio kaltegarriak izan zitzakeen ikertzen zen. Ondorioetako bat, besteak beste, eukalipto eta pinu-landaketetan bizi ziren uhandreek gandor kaudala, buztaneko harizpia eta hanketako palmaturak txikiagoak eta kalitate eskasagokoak garatzen zituztela izan zen, baita ere inmunitate defentsak gutxiago garatzen zituztela[46]. Beraz, espeziaren osasunean eragiteaz gain arren aukeraketan ere eragina izan zezakela ondorioztatu zen[6].

Habitat naturalaren suntsipenaz eta kutsaduraz gain, adibidez nekazaritza intentsiboan erabilitako pestizidek edota ongarri nitrogenatuek ibai zein urmaeletan eragindako kutsaduraz gain, nekazal guneetan abereentzat eraikitako habitat urtar artifizialak, hots, abereentzako askak, bertan behera uzteak hauek lohiz betetzen joatea ekarri du, erabat lehortuz eta degradatuz.

Asketan esku-hartzeak (hondoko sedimentuak edota ur gainazalean flotatzen duten landare urtarrak ezabatzea) uhandre palmatuaren gene-dibertsitatean eragiten du. Haplotipoen dibertsitateak korrelazio positibo zuzena du urasken arteko lotura edo sarearekin, substratu tipoarekin eta landaredi urtarrarekin[47].

Bere habitatean espezie aloktonoak edo lehendik ez zeuden espezieak sartzea ere mehatxu handia da. Sartutako espezie horien artean ibai-karramarro gorria[48], Gambusia holbrooki eta urre-arraina daude. Iberiar sisteman dauden Neila eta Demanda mendilerroko jatorri glaziarreko laku batzuetan uhandre palmatuaren populazioak murriztu egin dira bertan arrainak sartu ostean. Ebroko ibilguan bizi ziren uhandre palmatu populazio ezberdinak desagertu egin dira ibai-karramarro gorria sartuz geroztik.

Klima aldaketa ere mehatxu garrantzitsu bat izan daiteke espezie honentzat eta hain zaurgarriak diren anfibio guztientzat. Anfibioak ura behar-beharrezkoa duten animaliak dira, honi anfibioen mugikortasun mugatua gehitzen badiogu, argi suposa daiteke klima aldaketak ekarriko dituen baldintza klimatiko desegonkorrak mehatxu handi bat izan daitezkeela.

Kontserbazio neurriak

Baso-eremuen bidez ur-putzuak elkarrekin lotu eta saretzeak igarobide ekologikoak dakarzkio espezie honi[49]. Horrexegatik oso garrantzitsutzat jotzen da jarraipenik gabeko habitatak lotzea eta habitat isolatuak babestu ordez habitat askok osatzen duten ekosistema bere osotasunean babestu eta kontserbatzea[49].

Euskal Herrian aktore ezberdinak anfibioen ugalketarako putzuen sarea osatzen hasi dira. Aipatzekoa da Aranzadi Zientzia Elkarteak, beste elkarte ezberdinekin eta udaletxe zein eskolekin batera burutu dituen eta burutzen ari den putzuen saretze eta eskoletako urmaelen saretze dinamika, putzuak sortzearekin habitat fisikoak sortzeaz gain, kontzientziazio, herritar eta ikasleen parte hartzea eta lan didaktikoa ere dakartzana[50][51].

Klima aldaketak ere arrisku bat suposa dezake munduko anfibio espezie gutzientzat eta beraz, habitaten berreskurapenarekin batera, klima aldaketaren kontrako neurriak hartzea berebiziko eginbeharra da.

Ikus, gainera

Irudiak

  • Uhandre palmatua larba fase batean
    Uhandre palmatua larba fase batean
  • Larba fase batean
    Larba fase batean
  • Ugalketa garaian arrak garatzen dituen hatzetako mintz beltzak
    Ugalketa garaian arrak garatzen dituen hatzetako mintz beltzak
  • Uhandre palmatu bat goroldio artean pausata
    Uhandre palmatu bat goroldio artean pausata
  • Ar baten atzeko hanketako hatz "palmatuak" ugalketa garaian
    Ar baten atzeko hanketako hatz "palmatuak" ugalketa garaian
  • Ar bat
    Ar bat
  • Uhandre palmatua fase lehortarrean, azal ez hain leunarekin
    Uhandre palmatua fase lehortarrean, azal ez hain leunarekin

Erreferentziak

  • Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
  1. Arntzen, J.W., Beebee, T., Jehle, R., Denoël, M., Schmidt, B., Bosch, J., Miaud, C., Tejedo, M., Lizana, M., Martínez-Solano, I., Salvador, A., García-París, M. & Gil, E.R. (2004). Lissotriton helveticus IUCN Zerrenda Gorria
  2. (Gaztelaniaz) «Guía de Campo de los Anfibios y Reptiles de España y de Europa» Ediciones Omega 2024-07-29 (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).
  3. (Ingelesez) «Los anfibios de España - Mario García París: 9788434105058 - AbeBooks» www.abebooks.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  4. (Gaztelaniaz) Alonso Bosch, Roberto. (2006). «García-París, M.; A. Montori & P. Herrero. 2004. Amphibia. Lissamphibia» Cuadernos de Herpetología vol. 20, no. 1 ISSN 1852-5768. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  5. (Gaztelaniaz) «Los anfibios» Fundación Caja de Burgos (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  6. a b ««Emaitzak ikusita, pinudi eta eukalipto landaketak ez dira benetako basoak» - Urumea» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  7. Amat, Fèlix; Oromí, Neus; Sanuy, Delfí. (2010). «Body Size, Population Size, and Age Structure of Adult Palmate Newts (Lissotriton helveticus) in Pyrenean Lakes» Journal of Herpetology 44 (2): 313–319. ISSN 0022-1511. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  8. (Gaztelaniaz) Atlas y Libro Rojo de los Anfibios y Reptiles de España. , 62 or..
  9. «Palmate Newt | NatureSpot» www.naturespot.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  10. «Amphibians & reptiles – National Biodiversity Data Centre» biodiversityireland.ie (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  11. (Ingelesez) «Native Reptiles and Amphibians» The Herpetological Society of Ireland 2014-12-17 (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  12. (Ingelesez) «Handbuch der Reptilien und Amphibien Europas, Band 4/IIB: Schwanzlurche (Urodela) III» www.nhbs.com (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  13. ARANZADI. «EUSKAL HERRIKO ANFIBIOAK» ARANZADI (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  14. a b c «Triton palmé - Lissotriton helveticus | Reptiles et Amphibiens de Nouvelle-Aquitaine - Cistude Nature» ra-na.fr (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  15. «Zuberoa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  16. (Gaztelaniaz) «Atlas de distribución de los Anfibios y Reptiles de Navarra» MUNIBE (Donostia) 46: 170. ISSN 0214-7688..
  17. Gosá Oteiza, Alberto; Valdeón Vélez, Aitor. (2020). «Distribución, uso del hábitat y fenología de los anfibios en las Bardenas Reales de Navarra» Munibe Ciencias Naturales. Natur zientziak (68): 167–179. ISSN 0214-7688. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  18. (Gaztelaniaz) «Fauna» Bardenas Reales (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  19. (Gaztelaniaz) [https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/3/Kobie_16_ESTUDIO%20DE%20LAS%20POBLACIONES%20DE%20TRITON%20PALMEADO,Trit.pdf «ESTUDIO DE LAS POBLACIONES DE TRITON PALMEADO, Triturus helveticus (Razoumowsky, 1789), EN EL MACIZO DEL GORBEA Y EN LA ZONA MINERA DE LAS ENCARTACIONES (VIZCAYA). BIOMETRIA Y AUTOECOLOGIA.»] KOBIE (Bilbo) XVI.
  20. «Pastures vs forests : do traditional pastoral activities negatively affect biodiversity? The case of amphibians communities» air.unimi.it (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  21. García González, Claudia; García Vázquez, Eva. (2011). «The value of traditional troughs as freshwater shelters for amphibian diversity» Aquatic Conservation: Marine and Freshwater Ecosystems  doi:10.1002/aqc.1156. ISSN 1099-0755. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  22. (Gaztelaniaz) mikelbao. (2023-07-13). «Bolintxu. El último río salvaje de Bilbao» BAO, La Revista de Bilbao (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  23. Ekaina. (miércoles, 22 de enero de 2014). «Tras el Objetivo: Tritones y sapos en el Pagasarri» Tras el Objetivo (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  24. (Gaztelaniaz) Belamendia, Gorka. (2010). [https://www.bilbao.eus/Agenda21/documentos/estudio_comunidad_anfibios_reptiles.pdf ESTUDIO DE LA COMUNIDAD DE ANFIBIOS Y REPTILES EN LA CUENCA DE BOLINTXU: PROPUESTA PARA EL CONOCIMIENTO DE LA DIVERSIDAD DE HERPETOFAUNA, DETECCIÓN DE ESPECIES DE INTERÉS Y PROPUESTAS DE GESTIÓN. ].
  25. Salburuko biztanle ezezagun eta iheskorra « Atariaren bloga. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  26. «Ulia - Ingurumena - Ataria» Ingurumena (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  27. (Gaztelaniaz) Rodríguez, Néstor. (2024-02-04). «Ulia exhibe su riqueza en humedales» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  28. (Gaztelaniaz) [email protected], Cristina Enea Fundazioa |. «Putzuak, urezko altxorrak | Agenda» Cristina Enea Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  29. Aranzadi. «Ulia, Lezo eta Berrizeko ekintzak amaituta, mikrofaunaren mesedetan hurrengo auzolan ekintzak Donostia, Elgoibar eta Navaridasen gauzatuko dira» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  30. «Tritón palmeado - Lissotriton helveticus - Hábitat» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  31. (Ingelesez) Griffiths, R. A.. (1993-10). «The effect of pH on feeding behaviour in newt larvae ( Triturus : Amphibia)» Journal of Zoology 231 (2): 285–290.  doi:10.1111/j.1469-7998.1993.tb01918.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  32. «Palmate Newt - Ecology | Jersey Biodiversity Centre» jerseybiodiversitycentre.org.je (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  33. Robert, Thorn. Les Salamandres d'Europe d'Asie et d'Afrique du Nord. Description et moeurs de toutes les espèces et sous-espèces d'Urodèles de la Région Paléarctique d'après l'état de 1967. Encyclopédie pratique du naturaliste ; XXXV (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  34. a b (Gaztelaniaz) Alonso Bosch, Roberto. (2006). «García-París, M.; A. Montori & P. Herrero. 2004. Amphibia. Lissamphibia» Cuadernos de Herpetología vol. 20, no. 1 ISSN 1852-5768. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  35. a b c Txantiloi:Uk-UA «Acoustic orientation in the palmate newt, Lissotriton helveticus» ouci.dntb.gov.ua (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  36. a b Diego-Rasilla, Francisco J.; Luengo, Rosa M.; Phillips, John B.. (2008-08-01). «Use of a Magnetic Compass for Nocturnal Homing Orientation in the Palmate Newt, Lissotriton helveticus» Ethology 114: 808–815.  doi:10.1111/j.1439-0310.2008.01532.x. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  37. «Culebra viperina - Natrix maura» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  38. «Culebra de collar - Natrix natrix» www.vertebradosibericos.org (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  39. Crespo Díaz, Ariñe; Sanz Azkue, Iñaki. (2009). «Depredación de un adulto de tritón palmeado (Lissotriton helveticus) por tritón jaspeado (Triturus marmoratus)» Boletín de la Asociación Herpetológica Española 20 (1): 45–47. ISSN 1130-6939. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  40. (Ingelesez) Miaud, Claude. (1993-12). «Predation on newt eggs ( Triturus alpestris and T. helveticus ): identification of predators and protective role of oviposition behaviour» Journal of Zoology 231 (4): 575–581.  doi:10.1111/j.1469-7998.1993.tb01939.x. ISSN 0952-8369. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  41. (Ingelesez) Orizaola, Germán; Braña, Florentino. (2003-11-01). «Response of predator-naive newt larvae to food and predator presence» Canadian Journal of Zoology 81 (11): 1845–1850.  doi:10.1139/z03-160. ISSN 0008-4301. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  42. Brodie, Edmund D.. (1977). «Salamander Antipredator Postures» Copeia 1977 (3): 523–535.  doi:10.2307/1443271. ISSN 0045-8511. (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  43. (Gaztelaniaz) «Los anfibios» Fundación Caja de Burgos (Noiz kontsultatua: 2024-08-18).
  44. González-Hernández, Milagros; Denoël, Mathieu; Duffus, Amanda J. L.; Garner, Trenton W. J.; Cunningham, Andrew A.; Acevedo-Whitehouse, Karina. (2010-09). «Dermocystid infection and associated skin lesions in free-living palmate newts (Lissotriton helveticus) from Southern France» Parasitology International 59 (3): 344–350.  doi:10.1016/j.parint.2010.04.006. ISSN 1873-0329. PMID 20450984. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  45. (Ingelesez) «Palmate Newt Lissotriton helveticus has most recently been assessed for The IUCN Red List of Threatened Species in 2021. Lissotriton helveticus is listed as Least Concern.» IUCN Red List.
  46. «Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat?» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).
  47. Gonzalez, Claudia Garcia. (2010-01-01). «The value of traditional troughs as freshwater shelters for amphibian diversity» Aquatic Conservation: Marine and Freshwater Ecosystems (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).
  48. Uhandre palmatua « Atariaren bloga. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  49. a b Joly, Pierre; Grolet, Odile. (2001-01-01). «Habitat Matrix Effects on Pond Occupancy in Newts» Conservation Biology (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).
  50. «Eskoletako Urmaelen Sarea» www.urmaelaeskolan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).
  51. Aranzadi. «Eskoletako Urmaelen Sarea» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-08-16).

Kanpo estekak

  • Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude eta horietatik %28a galzorian (Aranzadi).
  • Eukaliptoa eta pinua kaltegarriak ote anfibioentzat? (ARGIA).
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q138526
  • Commonscat Multimedia: Lissotriton helveticus / Q138526
  • Wikispecies Espezieak: Lissotriton helveticus

  • Datu taxonomikoak
  • AmphibiaWeb: 4297
  • EOL: 332574
  • GBIF: 5218410
  • ITIS: 775919
  • UICN: 59475
  • NCBI: 256425
  • uBio: 5495811
  • Wd Datuak: Q138526
  • Commonscat Multimedia: Lissotriton helveticus / Q138526
  • Wikispecies Espezieak: Lissotriton helveticus