Oscillum

Atenaseko museoan erakusgai dagoen oscillum-a

Oscillum, pluralean oscilla, latinezko hitz bat da, hainbat jainkoren opari gisa zintzilikatzen ziren irudi txikiei, jaialditan eta beste zeremonia batzuetan, maskarak ziren batez ere eskegitzen zirenak.[1] Oscullum hitzaren txikigarritzat jotzen da, eta oscullum bera, os (latinez, aurpegia esan nahi duena) hitzaren txikigarria da, eta, beraz, ‘aurpegitxo’ esan nahiko luke. Oscillak haizearen eraginez mugitzen zirenez, eta horregatik latinez oscillare ‘haizearen eraginez mugitzea’ aditza sortu zen.

Dioniso edo Bakoren burua irudikatzen duten oscilla edo maskara asko berreskuratu dira. Marmolez eta terrakotaz egiten ziren, baina litekeena da material ohikoena egurra izatea. Artilez egindako iruditxoak ere zintzilikatzen ziren oscilla moduan, pilae izenekoak. Batzuk zuhaitzetatik zintzilik zeuden, eta beste batzuk domusetako peristiloetako kolomarteetatik.[1]

Erromatar oscilluma, ziur asko, Atenasko jai publiko batean zintzilikatzen ziren irudi txikietatik dator, Aἰῶραι izenekoa; irudi horiek zuhaitzetatik zintzilikatzen ziren eta Dionisoren gurtzarekin lotutako irudiak zituzten. Haizeak kulunkatzen zituen eta modu horretan garbitzen (purifikatzen) zituela uste zen. Bai objektu grekoa bai latindarra jai sakratu jakin batzuetan erabiltzen zen.[2]

Pelta formako oscilluma. Badalonako museoa.

Oscillak dekorazio-elementu oso ohikoak ziren erromatar etxe aberatsetan, batez ere zutabedun lorategietan (perisitiloetan). Ponpeia, Herkulano edo Erromako domus handien horma-pinturetan ere ikus zitezkeen. Elementu horietan gai bakikoak (Bako jainkoarekin lotutako mitoak, pertsonaiak eta objektu esanguratsuak) irudikatzen dira gehienbat, eta dekorazio-zentzua zuten, baina baita etxea eta familia babestekoa ere.[3] Girlandekin batera jartzen ziren maiz.[4]

Forma aldetik, borobilak ziren askotan, disko itxurakoak. Besta batzuek pelta itxura dute, hau da, traziarrek edo amazonek erabiltzen zuten ilargi erdia formadun armarri estu eta txikia. Bi horiek ziren ohikoenak baina baziren ere lauki formakoak, eta Panen txirularen formakoak ere, eta azkenik, masakra itxura zutenak zeuden.[5]

Jaialdiak

Berlingo Antikensammlung Museoan (antigoaleko gauzen bildumaren Berlingo museoa) ikus datekeen oscilluma. Zintzilikatzeko erabili zen lokarriaren aztarna ikus daiteke goi aldean.

Jaialdi hauetan esekitzen ziren oscilla:

  • Sementivae Feriae edo ereiteko jaiak, eta Paganalia, soroetako tutoretza zuten jainko-jainkosen landa-jaialdiak; biak urtarrilean ziren. Oscillak zuhaitzetatik zintzilikatzen ziren, hala nola mahatsondoa, olibondoa, haritza eta pinua, eta Liber, Baco edo laborantzarekin edo lurrarekin lotutako beste jainko baten aurpegiak zituzten (Virgilio, Georgikak II.382-396).
  • Feriae Latinae direlakoetan, kantu lehiaketa egiten zen antolatzen zituzten jokoen barruan, eta Rufo Festo historialariak dioenez, kantu horiei oscillatio esaten zitzaien, interpreteek, lotsagatik, aurpegia ezkutatzen zuten maskarak zeramatzatelako (os celare "aurpegia ezkutatu" ), .
  • Compitalian, Festoren arabera, pilae eta artilez egindako gizon eta emakumeen irudiak zintzilikatzen ziren bidegurutzeetan Lares jainkoen omenez. Familiak zituen esklabo adina pilae, eta zituen seme-alaba adina irudi eskegitzen zituen. Lareek haien bizia gorde zitzaten. Horrek, eskuarki onartua den ondorio batera eraman du, hots, objektu horiek eskegitzeko ohitura, giza sakrifizioaren praktika zaharrago baten garapena dela, garai zaharragoetan, hezurrak eskegiko baitziren, eta, dudarik gabe, lustratio edo purifikazioaren praktikarekin zerikusia duela, jarduera jakin horretan, airearen eraginez, hain zuzen.

Erreferentziak

  1. a b Taylor, Reburn. «ROman Oscilla: An Assessment» RES:Anthropology and Aesthetics (48): 83-105..
  2. (Ingelesez) Meo, Francesco. «The oscillum Misunderstanding» Textile Terminologies from the Orient to theMediterranean and Europe, 1000 BC to 1000 AD,ed. Salvatore Gaspa, Cécile Michel, & Marie-LouiseNosch (Lincoln, NE: Zea Books, 2017), 492-499 or.  doi:10.13014/K2H41PKC..
  3. (Gaztelaniaz) Oscillum con decoración báquica – Museu de Badalona. (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  4. «Oscillum - Obras Singulares - Museo arqueológico y etnológico de Córdoba» www.museosdeandalucia.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-17).
  5. (Gaztelaniaz) Peña, Antonio. (2009). «Oscilla. Géneros escultóticos. La escultura decorativa» León, Pilar (koord): Arte romano de la Bética. Escultura (Sevilla: Fundación Focus Abengoa): 331-335. ISBN 9788489895232..

Kanpo estekak

  1. Oscillum con decoración báquica. Museu de Badalona. 3D modeloa ikus daiteke.
Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q3886498
  • Commonscat Multimedia: Oscilla / Q3886498

  • Wd Datuak: Q3886498
  • Commonscat Multimedia: Oscilla / Q3886498